GRACIAS.CATen agiria

Katalunian ulertzen dugu Estatu espainola anitza dela, iritzi eta pentsamolde askotariko jendez betea. Ezin diegu, noski, Estatu espainolak burutzen dituen ekintza zapaltzaile guztiak bertako hiritar guztiei leporatu. Espainian batzuk nahiz eta Katalunia independente bihurtzearen alde ez egon kataluniarrek bakarrik hori erabakitzeko eskubidea dutelakoan daude. Bestalde, Estatuan dauden beste hiritar batzuek beraiek libreki aukeratu nahi lukete Espainian gelditu ala ez.

Estatuko hainbat lekutan Kataluniaren autodeterminazioaren aldeko keinu ugari ikusi ditugu, eta hori eskertzen dugu. Batzuetan, Estatuaren indarkeria arbuiatu da; beste batzuetan, horrek sortzen duen estutasunagatik adierazi da ardura; bestetan berriz, ikuspegi baikorrago batetik abiatuta, garrantzizko auziak era ireki, konstruktibo eta baikor batean, elkarrizketaren bitartez, lantzeko demokrata bakoitzak duen eskubidea aldarrikatu da. Hain zuzen ere, denentzat onargarriak diren irtenbideak aurkitzeko, hitz egiten eta entzuten jakin behar da.

Badakigu, gainera, estatuko pertsona batzuk ez daudela Kataluniaren autodeterminazio eskubidearekin ados baina hala ere ez dute beren burua Espainiako gobernuarekin identifikatzen, ez polizia-indarren ekintzei begira, ezta epaiketen aldetik ere.

Hemen bizi dugun egoera eta sentitzen dugun ondoeza kanpotik ulertzea zaila dela uste dugu. Guk Espainiako komunikabideak ikustean badakigu hor azaltzen dena ez datorrela bat geure bizipenarekin neurri handi batean. Egunero bizi duguna erakutsi nahi genizueke. Ez dugu gorroto Espainia. Ez ditugu espainolak gorrotatzen baina gu garena izaten uzten ez digun Estatu batean ez dugu jarraitu nahi.

Gure ustez, Kataluniaren independentziak mesede egingo dio bai Estatu espainolari baita Kataluniari ere. Eta espainol askok horrela ikusten ez dutela jakinik ere, haietako batzuek ikusten dute, hori bai, guztion onerako izango dela Kataluniak bere etorkizuna libreki aukeratu ahal izatea, Katalunia indarrez Espainia barruan mantentzea denontzat sozialki, demokratikoki eta ekonomikoki kaltegarria baita.

Eskerrik asko. Zuen laguntza eskertzen dugu. Ziur gaude iraungo dutela geure herrien arteko lokarri estuek, pasaporte ezberdinak izanik ere.